Juan Zelaia Letamendi

Musika-Beka

Euskal Fundazioa Eresbil

2004-2005: Euskal herri-musika: ikerketen eta bilketen gaur egungo egoera.

Egilea: Xabier Etxeberria Adrien

Euskal herri-musika: ikerketen eta bilketen gaur egungo egoera proiektuarekin euskal herri-musika tradizionala biltzen duten kantutegien azterketa eta aurkezpen sistematizatua burutu nahi izan da. Lanak helburu hirukoitza du: 1- euskal kantutegiak eta haien irismena era argi eta praktiko batean ezagutzera ematea, haietara hurbildu nahi duen edonork bere asmoetarako egokiena izan daitekeen lana erraz aurkitu dezan; 2- kantutegien eta haien egileen ulermenenean sakontzeko tresna baliagarriak eskaintzea; 3- lan hauen balioa eta erabilgarritasuna handitu ahal izateko egin beharrekoa diseinatzeko lagungarri izatea.

Behin egitasmoa bukatuta, bi emaitza lortu dira: datu base bat (argitaratzeke) eta zientzia artikulu bat. Lehenengoan, 2004. urtea arte burututako kantutegien fitxa deskriptibo-analitikoak jasotzen dira. Datu basean kantutegiak sailkatzeko modu ezberdinak gauzatzen dira, bildumek jasotako edukietan, agertzen dituzten materialen naturan eta lanen helburuetan oinarrituak. Fitxa bakoitzean, aztertutako lanaren datu bibliografikoak eta edukiaren laburpena eskaintzeaz gain, honako puntuak jorratzen dira: doinuen biltze edo/eta aukeratze irizpideak, lanen prestaketan jarraitutako irizpideak, jasotako doinuen sailkapen eta ordenazioa, iturriak (informatzaileak), doinuen transkripzio eta egokitze/harmonizazio irizpideak, edizio irizpideak eta eremu geografikoa.

 
Liburuak
 

Proiektuaren bigarren emaitza zientzia artikulu bat da: "Azkue eta Aita Donostiaren kantutegien berrikuspenaren alde" In Musiker 17 zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2010; 75-115 or. Zalantzarik gabe, Azkue (1864-1951) eta Aita Donostiaren (1886-1956) kantutegiak euskal herri-musikaren bilduma erabakigarriak dira. Hauek bere garaian egokia zen metodologia batekin egin ziren. Artikuluaren xedea da, egile hauen ulermenean sakondu eta kantutegien balioa handitu eta gaurkotu ahal izateko bilduma hauen berrikuspen kritikoa egitea komeni dela defendatzea eta berrikuspen konkretu baten proposamena egitea. Azken honetarako, Miguel Manzanok bere kantutegietan erabilitako metodoa hartzen da oinarri moduan. Helburu hori modu egokian kokatua gera dadin, kantutegi hauen aurrekariak, suposamenduak eta transzendentzia azaltzen dira lehenengo. Modu horretan, euskal herri-musikaren gaineko batasun ikuspegiaren garapena aztertzen da, kantutegiek lurraldearekin duten lotura agerian utziz.