Juan Zelaia Letamendi

Musika-Beka

Euskal Fundazioa Eresbil

2009-2010: Doinuen hitzak, hitzen doinuak: Euskal abestien prosodia aztertzeko proposamena.

Egilea: Varun De Castro Arrazola

Eguneroko bizitzan hitz egiterakoan hitzak erabiltzen ditugu, baita abesterakoan ere. Ohiko ikuspegiaren arabera, gure burmuinak ariketa kognitibo ezberdina burutzen du kasu bakoitzean. Hala, hitz egiterakoan, hizkuntzak ezarritako arauak jarraitzen ditugu; abesterakoan, ordea, musika-sistemak ezarritakoak ez ezik, hizkuntzarenak ere hartzen ditugu aintzat nolabait (bestela ulertezinak suertatuko litzaizkiguke abestien hitzak). Ikerlan honetan arau multzo jakin batetaz aritu da: arau prosodikoez; hau da, hizkuntza baten hitzak (eta euren silabak) zein doinurekin, zein ozentasunekin edota zein iraupenekin ebakitzen diren zehazten duten arauetaz.

Azken urteotan, geroz eta ikerketa gehiago burutu dira mintzatutako euskalki bakoitzean arau horiek zeintzuk diren jakiteko. Hala ere, euskarazko abestien arau prosodikoez ezer gutxi idatzi da. Gainera, gaia aipatu den kasu gehienetan honako ustea ageri da: mintzatutako euskara antolatzen duten arau prosodikoak ez direla abestietan inolaz ere azaltzen. Horrelako baieztapena egin aurretik euskara abestuaren nahiz mintzatuaren antolaketa prosodikoa (eta akustikoa oro har) sakon ezagutu behar denez, bide horri ekin nahi izan zaio.

 
Anplifikadorea
 

Ikerlan honen bidez, beraz, abestien arau prosodikoak arduraz aztertzeko eta mintzamenarenekin alderatzeko proposamena egiten da; proposamen hori metodologia jakin baten bidez aurkezten da. Lehenik, abestien lagin multzo egokia (soinu grabaketek osatua) eratzeko irizpideak azaltzen dira. Bigarrenik, lagin horien xehetasun prosodiko esanguratsuak erauzteko bide informatikoa garatu da. Metodologia hori bera erdialdeko euskararen abestiekin erabili eta lortutako datu guztiak ikerlanari erantsi zaizkio. Bukatzeko, datu horiek zelan aztertu eta garatutako ezagutza zenbait alderdi praktikotan (antzerkigintzan, irakaskuntzan) zelan aplikatu proposatu da.