Juan Zelaia Letamendi

Musika-Beka

Euskal Fundazioa Eresbil

2011-2012: Marokoar musika kulturaren transmisioa. Lea Artibai eta Deba Barrena ikastetxetako marokoar ikasleen kasua.

Egilea: Eugen Bidegain Urruzuno

Marokoar musika kulturaren transmisioa. Lea Artibai eta Deba Barrena ikastetxetako marokoar ikasleen kasua ikerketa lanarekin hurrengoko helburua lortu nahi izan dugu: Lea Artibai eta Deba Barrena eskualdetako marokoar ikasle etorkinen artean musika-kultura nola transmititzen den aztertzea.

Xede hori lortzeko, marokoar ikasleen bi esparru desberdinetan murgildu gara nagusiki: beraien ikastetxea eta senitartea. Lehen esparru barruan, marokoar ikasleak eta musika irakasleak elkarrizketatu ditugu. Horretarako, aipatutako bi eskualdetako hainbat ikastetxe publikoetan zehar ibili gara elkarrizketak burutzen, Lehen Hezkuntzan zein Bigarren Hezkuntzan.

Senitarteko esparruan, aldiz, marokoar ikasleon gurasoak izan dira gure galderei erantzun dietenak. Elkarrizketak gaika eta azpi-gai desberdinen arabera antolatu izan dira eta ondorioz, erantzunen analisia ere modu berdinean sailkatu dugu.

 
Anplifikadorea
 

Aldi berean, elkarrizketak ezezik, landa grabaketak ere burutu izan ditugu. Ikasle marokoarrek abestu eta errezitatu dizkigute beraien artean oraindik mantentzen dituzten kantu eta kantilazioak. Ondoren, grabaketa hauek bi azpi-atal nagusitan sailkatu dugu: erabilpenen arabera eta generoen arabera.

Azkenik, ikerketa lan osoaren atal desberdinak kontutan izanda –elkarrizketen analisia eta kantuen sailkapena- ondorioak atera izan ditzakegu. Ondorio hauek hiru gai nagusitan sailkatu ditugu: lehendabizi, musika kulturaren transmisioa marokoar etorkinen artean –eta hor euskal hezkuntza sistemak betetzen duen papera-; ondoren, genero erlazioei buruzko ideiak; eta azkenik, erlijioa eta musika arteko erlazioa marokoar gizartean. Ondorioak lortzea ezezik, ikerketa lan honen beste ekarpena, etorkin marokoarren kantu eta kantilazioen grabaketak eta berauen sailkapena da zalantzarik gabe.